JOSEMARI VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA Euskonews Carlos Garaikoetxea Urriza nafarra abokatutzan eta enpresa-zientziatan lizentziatua da. 1980an EAE-ko Lehendakari izendatu zuten. Bere talaia politiko zein pertsonaletik azken hogeita hamar urteotako Euskal Herriaren bilakaera ezagutu du, zuzen-zuzenean. Iragan hurbileko hainbat pasarteren lekukoa izan da eta ondoko lerroetan gure esfera politikoaren gaineko bere iritziak eskaintzen dizkigu. Ez da gauza bera izango mundua Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberaren lehendakaritzatik edo Euzkadi Buru Batzarretik begiratzea… Zalantzarik gabe. Eskarmentu profesionalak, urteek eta norberak bizi duen egoerak gauzak errealismo gehiagoz ikustera eramaten zaituzte, bizitzako beste etapa batzuetan kontuan hartu ez dituzun alde berriak aurkitzera; baina nik, funtsean, beti izan dut nire ibilbidea bideratu duen obsesio edo oinarrizko sentimendu bat, ibili naizen inguru profesional guztietan. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberako lehendakari nintzenean, modu anekdotikoan baina esanguratsuan, euskal ganbera guztiek batera aldizkari bat argitaratzen genuen. Profesionalki oso lanpetuta bizi nintzen, baina une hartan euskararen alde egiten nuen lan Bianako Printzea erakundearekin harremanetan. Nafarroa iparretik hegora eta ekialdetik mendebaldera zeharkatu nuen hogeita hamarren bat ikastolen sorrera bultzatzeko, herri bakoitzean aurkitzen nituen beste lagun batzuekin batera. Komentuak, abandonatutako eskolak eta bestelakoak ikustera joaten nintzen, eta gaur egun sinesgaitzak izan daitezkeen gauzak egiten genituen ekimen berrien arazo materialei aurre egiteko. Lehenago, nire bizitzako beste etapa batzuk gogoratuz, lehen zaplaztekoa matematikako klasean eman zidaten, Aita Zabalaren gramatika eskuetan euskararen oinarriak ikasten ari nintzela. Horrek guztiak adierazten du nire kezkak beti izan duela ildo jakin bat, hau da, nire herriaren eta zehazki bere hizkuntzaren etorkizuna. Izan ere, nire lur honetan, Nafarroan, bizipenak bereziki mingarriak izan ziren eta benetan zauritu ninduten. Carlos GaraikoetxeaMerkataritza eta Industria Ganberako lehendakaritzaz eta abokatu eta ekonomilari gisa nuen lanaz gain, gutxi gorabehera filantropikoak ziren beste zeregin batzuk banituen, hala nola Nafarroako ikastola handienaren lehendakaria nintzen edota Miserikordia Etxeko Batzordeko kide. Nafarroako gizartearen eguneroko bizimoduan parte hartu nuen eta anekdota ugari bizi izan nituen. Niretzat bultzagarri izan zen, adibidez, Erronkari Haraneko azken euskaldunarekin hitz egin ondoren gertatu zitzaidana. Bere etxepeko tabernara garagardo bat hartzera joan eta haren alaba izan zitekeen emakume batek esan zidan: “igandetan euskaldunez betetzen zaigu herria”, beste planeta bateko jendeaz ari zela ematen zuen. Beste batean biziki hunkitu ninduen Erroko bailarako agure batek esan zidanak. Euskaraz agurtu nuen, proba egiteko, jakin banekielako zoritxarrez bailara hartan hizkuntza galdua zela. Gizonak ere gure hizkuntzan erantzun zidan, eta esan nion: “Hau poza! Nolatan gordetzen duzu euskara?” Eta berak erantzun zidan “Oso gazte nintzela Ameriketara joan nintzen eta han hizkuntza gorde nuen, hemen galdu egin zen”. Anekdota horiek norberak sentitu duena adierazten dute, eta erakusten dute beti sustatu dudala motibazio berbera, sentimendu bera, herriko bizimoduaren kontzepzio bera, bai Merkataritza Ganbera batetik, gobernu baten lehendakaritzatik edota euskal alderdi nazional baten lehendakaritzatik. Hori guztia etxetik al datorkio Carlos Garaikoetxeari? Nafarroako familia tipikoan sortu nintzen. Tradizionalista, erlijiosoa, karlismotik abiatuta abertzale bilakatu zen familia horietakoa zen gurea. Seme-alaba guztiak abertzaleak gara. Ez ziguten militantzia politiko zehatzik erakutsi, baina bai herri bateko kulturan sustraitutako jendearen pertzepzio sakona, kulturala. Ama Nafarroako arroko herrixka batekoa zen, eta han euskara galduta zegoenez ezin izan genuen bide horretatik jaso. Aita euskalduna zen, Larraungo haranekoa. Zalantzarik gabe zerbait transmititu ziguten: batetik amaren familian izandako euskararen galera gogoratzean eta aiton-amonek bai baina seme-alabek ez zutela hitz egiten oroitzean, eta bestetik ikusten genuen aitak haurrekin paseatzen zuenean edozein aukera baliatzen zuela kalean topatzen zuen euskaldun jendearekin hitz egiteko. Horrek guztiak zer hausnartua eman zidan eta ia-ia barne konbultsioa izan zen niretzat, eragina izan zuen gure kulturari, hizkuntzari eta herriaren egoerari lotuta egoteko dudan joeran. Zer izan zen Carlos Garaikoetxearentzat Merkataritza Ganberaren eskutik bizi izan zuen nafar politika, komatxo artean, uztea eta buru-belarri alderdi eta gobernu-prozesu barruko karrera politikoari ekitea? Ganbera gertaera profesionala izan zen, eta politikan aritzea, berriz, aurreikusi gabeko prozesua, poliki-poliki etorri zena. Izan ere, gauza asko egin nituen bizitzan, Londresen sukaldari edota Parisen bohemio izan nintzen, besteak beste, Zesarrek esango zukeen moduan “magnis itineribus” bi karrera eta pare bat hizkuntza ikasi ondoren. Abokatu gisa lan egin nahi nuen, baina jarduera ekonomikoan sartuta ikusi nuen nire burua, paradoxikoki gutxien gustatzen zitzaidana. Gero, neure bulegoa abian jarrita abokatu-lanetan hasi nintzenean, jardun hori bi enpresen zuzendaritzarekin eta Ganberaren lehendakaritzarekin bateratu behar izan nuen. Beraz, jarduera aldetik nire bizimodua oso mamitsua zen, politikan ibili naizenean beste edo gehiago. Carlos Garaikoetxea Apurka-apurka politikan sartuz joan nintzen, baina amateur gisa. Garai hartan hain ginen amateurrak gure poltsikotik ordaintzen genuela guztia. Ez genuen inondik inora ikusten profesional izatearena. Are gehiago, lehen urteetan, Euskal Kontseilu Nagusiko lehendakari izan nintzenean edo Lehendakari nintzela, nik neuk ordaintzen nituen hoteletako egonaldiak eta abar. Politikaren izaera amateurra barneratuta genuelako. Gogoratu beharra dago garai hartan oraindik ez geneukala egoitzarik eta gobernuari gutxieneko azpiegiturekin ekin geniola. Hori guztiarekin zera azaldu nahi dut, poliki-poliki sartu nintzela prozesu horretan, batez ere abokatu garaian, eta alderdiko lanetan ia ehuneko ehunean aritzera iritsi nintzen frankismoko azken urteetan. Eta Euskal Kontseilu Nagusiko lehendakari izatea proposatu zidatenean, EAJren klandestinitate-osteko lehen batzarrean alderdiko lehendakari izendatua izan eta gero, asko harritu nintzen, egia esan. Beti uste izan nuen Ajuriaguerrari eman behar zitzaiola ardura hori, bere ibilbide historikoa kontuan hartuta. Rubialekin izandako tirabira hartan hautatu beharko zuketen. Baina Ajuriaguerra hil ostean eta hautestontziek lehendakaritza aldatu behar zela adierazi zutenean, orduan dedikazio osoko jardueran konprometitu nintzen. Horrela, igande gauetan irteten nintzen Iruñetik, Bilboko hotel batean sartzen nintzen eta larunbat arratsaldetan itzultzen nintzen etxera. Eta gauetik goizera, inoiz aurreikusi ez banuen ere, Lehendakari izateko bi hauteskundetan hartu nuen parte jarraian; geroago, aurrekoaren ondorioz, bestelako ardura serioetan aritu nintzen, 1999ko abenduko egun jakin batera arte. Gogoan dut Arrasaten egin zen mitin batean gertatutako anekdota. Hizlari sorta iragarrita zegoen, tartean zu eta EMKko Iturrioz … Bai. Joera askotako jende-taldea bildu ginen, horietatik batzuk gerora ESBn sartu ziren, eta Euskal Herriko toki garrantzitsuetan izan ginen, besteak beste Arrasaten, Durangon, Eibarren edota Mungian. Garai hartan Euskadi hitza debekatuta zegoen eta entzuleen artean hunkipenezko zurrumurrua sortzen zen. Hainbat partaide izan ginen, Aiestaran, Iturrioz, Caiero… Askok pentsatu zuten ni ESBren munduan nengoela… 1976. urtea izango zen, gutxi gorabehera. Carlos Garaikoetxea Esan nahi nuena da garai hartan Carlos Garaikoetxea ez zela oraindik ospetsua, eta hala ere, politikoki publikoagoa zen Iturriozek esan zuen: “Bilera honetara etorri naiz agindu didatelako Carlos Garaikoetxea egongo zela eta nik konfiantza osoa dut berarengan”. Iturriozek hori esan al zuen? Ez nuen xehetasun horren berri. Nire lehen agerpen publikoetako bat Nafarroako Merkataritza Ganberako lehendakari nintzela izan zela uste dut. Baionara gonbidatu ninduten film bat aurkeztera, horrelakoak gertatzen baitziren. Oker ez banago “Navarra, cuatro estaciones” zen, eta eszenatokira irten nintzen Baionako alkatearekin batera, palko batean suprefeta zegoela. Bat-batean ikusleen artean Leizaola ikusi nuen eta konturatu nintzen euskaltzale itxurako jende asko zegoela. Orduan, “Lehendakari jauna…!” esanaz hasi nintzen hizketan. 1970. urteaz ari naiz… A zer nolako iskanbila sortu zen! Grenet ni agurtu gabe joan zen… Beraz, politikoak ez ziren agerpen publikoak izaten nituen eta horietan mezu nabariak sartzen saiatzen nintzen. Aurkezpeneko beste une batean ere esan nuen “Aukeratu ez dugun muga artifizialak banatzen bagaitu ere”, eta txalo zaparrada entzun nuenean pentsatu nuen Baionan bazela non erein. Beste batzuetan, alor ekonomikoan nabarmentzen ginen pertsonak biltzen ginen ekitaldietan, eta halakoetan ere askotariko jendea biltzen ginen, hala nola Luis Olarra eta Guillermo Aranzabal, Anton Urkidi… Horietan politikoki biluztu ginen, herriaz hitz egin genuen. Olarrak, esaterako, harritu egin ninduen, garai hartan herri-izaeratik hurbilago baitzegoen eta gerora espainiar eskuinaren alde egin baitzuen, beste askok moduan, gure norabide abertzalearekin ados ez egoteagatik sortutako arazoak medio, eta batez ere, biolentzia-giroa arbuiatzeagatik… Guztioi gertatzen zitzaigun zerbait aipatu duzu, Euskadi hitza esate hutsak hunkitu egiten gintuela. Hainbat ekitalditan ikusi ditugu frankistak Gora Euskal Herria esaten, Euskadi hitza izugarria iruditzen zitzaielako. Urte batzuk beranduago ikaragarri aldatu da auzia, ezta? Bai, herri honetako izaera ikonoklastaren adierazlerik garbiena da, beti baitago “buru argiren bat” pentsatzen duena zerbait aldatuta, ikur bat, hitz bat, ondorio osasungarriak edota miragarriak lortu ditzakeela. Eta ignorantzia supinoa erakusten dute, Euskadi eta Euskal Herria hitzak, biak ala biak, maitagarriak baitira. Lehengoan, futbol-selekzioen partida zela-eta bi aukeren arteko eztabaida ikusi nuen telebistaz. Batek Euskadi terminoa arbuiatzen zuen, bere esanetan hiru probintzietako estatutuari zegokiolako. Harritu ninduen besteak ez erantzutea estatutu horrek dioela: “… beronen izena Euskadi zein Euskal Herria izango da”. Carlos Garaikoetxea Iparraldean ere Euskadi terminoak ez du erakunde politiko propioa adierazten; hor dago, irauten du, eta inork ez dio kontra egiten, Nafarroan moduan, ikurrinarekin gertatzen den legez. Euskadi terminoa errotuta dago eta emozio batzuk sortarazten ditu, herri ideia adierazten du, alde batera utzita erakunde-proiektu jakin batek Euskadi izena duela, non proiektu berari Euskal Herria ere esaten zaion, eta ez País Vasco. Beraz ez dugu bata edo bestea baztertuko. Baina baten batek, ignorantziatik eta tradiziozkoa dena baztertuz formula miragarri berria aurkitzeko afan ikonoklasta horrekin, herri honetan horren beharrezkoa dugun indarra galarazten digu. Lagun dudan Kuipers senatari flandestarra Francoren garaian maiz etortzen zen gurera eta Gernikako Aberri Egunean atxilotu ere egin zuten behin. Berak esaten zidan, “Aizu, Carlos, zer gertatzen da? Lehen Gora Euskadi esateagatik atxilotzen gintuzten eta orain hitz hori baztertu egin duzuela?” Gertatzen ari dena azaltzeak luze joko zuela erantzun nion. Tamalgarria iruditzen zait. Euskal Herria terminoak sakonki hunkitzen nau eta maitagarria iruditzen zait. Duela gutxi Rajoyk esan zuen mitoa eta asmakeria zela, eta UPNk eta bere lagunek gaineratu zuten proiektu fantasmagorikoa zela. Ildo horretan idatzi nuen terminoa duela hainbat mende jada erabiltzen zutela idazleek, Leizarragak, Axularrek, Etxeberrik edota Lazarraga arabarrak, besteak beste. Eta bukatzeko esaten nuen Espainiako Estatuko legedi positiboak berak ere Euskal Herria terminoa aipatzen duela lege organiko batean… eta Britannica eta Espasa entziklopediek zazpi probintzien maparekin ematen dute terminoari buruzko azalpena… Edota Nafarroako foruei egindako monumentuan… Bai, bertan dio “Gu, gaurko euskaldunok…”. Dena dela ez dakit hemendik 20 urtera beste “buru argitsu” bat agertuko ote den esanaz Euskal Herria terminoa baztertu eta Euskaria edo jakizu zein beste batengatik ordezkatu behar dela… Garaikoetxea lehendakaria 1979ko Gernikako Estatutuaren sortzailetzat hartzen da. Laster 30 urte beteko ditu eta oraindik eraikitze-prozesuan gaude. Horrek, lanean jarraitzeko indarra ematen digu ala jendearen adorea kolpatzen du? Lehenik eta behin, ez gara damutu behar prozedura hori erabili izanaz. Herria lur jota zegoen arlo guztietan: kultura, hizkuntza, ekonomia, azpiegiturak, demaseko zerga-espoliazioa pairatzen zuen… Larrialdiko botika eman behar zitzaion. Argi dago Estatutuak ez zituela betetzen negoziatzen aritu ginen batzuon aurreikuspenak, eta une hartan Euskal Kontseilu Nagusiko lehendakaria nintzenez, pertsonalki nik izan nuen ardurarik handiena. Baina erortzear zen eraikinari euskarriak jarri beharra zegoen, eta ildo horretan Estatutua baliagarria izan zen herriak defizit sakonei aurre egiteko baliabideak edukitzeko eta pairatzen genuen espoliazio fiskaletik ateratzeko. Herriaren funtsezko arloetan euskarriak jarri ondoren, oinarrizko sektoreen – untzigintza, siderurgia- industri hondakinak berreraiki behar ziren eta herriko industria garrantzitsua modernizatzeko prozesuari ekin behar zitzaion – makina-erreminta, ekipamendu-ondasunak-. Guztia premiazko lana izan zen eta lortutako baliabideei esker oinarrizko gaiei heldu ahal izan genien, hala nola hezkuntza, komunikabideak… . Carlos Garaikoetxea Baina Estatutua den tresna horren aukerak mugatuta gelditu dira Estatuaren aldetik izan den interpretazio ez-leiala medio. Horrek ez du etsipena ekarri, baina bai marko politikoa birplanteatzea, izan ere tresna horrek ibilbide eta aukera jakinak ditu eta bere garapena geldiarazi egin da. Ez dira nik arbitrarioki esandako hitzak; Eusko Legebiltzarrak esan ditu aho batez, Estatutuko 39 eskumen oraindik garatzeke baitzeuden. Horien artean zeuden ikerkuntza zientifikoa eta teknikoa, gaur egun berrikuntza eta I+G+b ezinbestekoak direnean. Estatutuan argi eta garbi adostutako oinarrizko eskumena da, eta gure herriaren etorkizunerako funtsezko lanabesa. Bada garai hartan egin genuena ukatzen duenik. Egin ahal izan zena egin zen, eta hori benetako politika egitea da, ez fikziozkoa; une latzak izan ziren eta herria ez dakit zein egoeratan utziko zukeen diktadura batera itzultzeko arriskua zegoen. Apurketa-prozesuaren bidetik jo izan bagenu ez dakit nola egongo ginatekeen gaur egun. Baina ezin genuen egoera kolapsatu eta baldintza horietan eutsi. Egin behar zena egin zen, eta gaur egun egoera desberdina denean bestelako planteamendua egiten da, garai hartan baino haratago joatea ahalbideratzen duena; ildo horretan zorionez Europa dugu lekuko, eta bertan nolabaiteko tradizio demokratikoa dago, Estatu espainiarrean oraindik asko hobetu beharrean dagoena. Baina ez dago diktadurarantz atzera egiteko arriskurik, hala ere nolabaiteko atzerakada eta kontrarreforma bai ematen ari dira ikuspuntu demokratikotik begiratuta. Barreak negarra urrian du! Herri bat abian jartzen dugu, eskumen batzuk lortzen dira… Baina txikiak, ahulak, gara Estatuaren makinaria handiaren aurrean… nola aterako gara geldialditik? Hala da, zer egin dezake herri txiki batek horren boteretsuak diren auzokoen ondoan? Etengabe gertatzen ari da, baina beste egoera batzuk ere gainditu izan ditugu. Diktaduraren gau beltzak, esaterako, irteerarik gabeko tunela zirudien, baina atera ginen, eta nahiko ondo gainera. Herri barruan gauzak argitsuago ikusi behar ditugula uste dut, indar asko galtzen baitugu barneko ezadostasunekin, nahiz eta hori ere normala den. Nazio-emantzipazio prozesuan diren herri guztiek energia-galera tipikoa izaten dute aurrez aurre jartzen direnean batetik pragmatismoak eta politika errealistak maila batean daudela uste dutenak eta bestetik gauetik goizera ezina lortu daitekeela pentsatzen dutenak. Egoerak parekoak ez diren arren, esandakoaren adibide dira Barzani eta Talabani kurduen artean gertatzen dena –azken horrekin harremana izan nuen, gainera–, palestinarren artekoa, euren artean txikitzen ari baitira, edota Kosovon Ibrahim Rugoba eta muturreko talde armatuen artean pasatzen ari dena –Rugobarekin harremanak izan nituen Europako Parlamentuaren bidez–. Hori da menperatzearen kontra indar gutxiagorekin borrokatu behar duen herriaren ezaugarria, Dabid eta Goliaten arteko borroka da: gako nagusia da politika egitean zein mailatan jarri behar ditugun eragingarritasuna eta errealismoa. Eta hemen euskal abertzaleok horrela xahutzen dugu gure indarraren zati handi bat, arazoa konpontzen jakin gabe. Carlos Garaikoetxea Baina bestalde, badira topiko batzuk gezurtatu nahi izaten ditudanak. Adibidez, esaten da paktismoak tradizio handia duela. Eta paktismoak, benetakoa bada, berdinen artekoa izan behar du, eta hemen, orokorrean, paktismoa desberdinen arteko borrokaren emaitza izan da; gerretan garaitu gaituzte eta ondoren legeetara jo da edo paktatutako konponbideetara, guztia ez galtzeko xedearekin amore eman ondoren hitzartu direnak. Beraz, tamalez, badira mitoak abertzaletasun tradizionalak oraindik ere formula nagusi gisa defenditzen dituenak. Nire ustez, tremendista badirudi ere, etapa batzuetan herriak zutik jarri behar du, nolabaiteko borroka instituzional inteligentea eraman behar da aurrera, ahal bada, beti herritarrak aurrean jarri gabe, haiei erresistentzia zibila eskatuz. Tirabira horretan lehenengo erakundeak daude, ezta? Gaur egun tirabira instituzional horrek bestelako testuingurua du, europarra, sendotuta dagoen demokrazia, tradiziozkoa, Espainiako estatu barruan egoera bakartian gertatu litezkeen bidegabekeriak ulertzen ez dituena. Beraz, aukera bat dago inguratzen gaituen mundu demokratikoa lekuko jartzeko, eskakizun legitimo eta demokratikoak bide zibil eta zibilizatuetatik eramanaz. Noski, geure onetik ateratzen bagara, biolentzia erabiltzean egiten den moduan, inguratzen gaituen munduan gure ospea zikinduta, ez diogu mesederik egingo ulerkortasun horri eta beste bidegabekeria baten aurrean etorri litekeen laguntzari. Nire ustez borroka instituzional horretara bideratu behar ditugu ahaleginak, eta bide horretatik ezinezkoa bada lortzea irtenbide arrazoitsua, zibilizatua eta gure herriaren borondate nagusiarekiko errespetuzkoa, orduan inguru europarra inplikatu beharko dugu. Horrenbestez: Nola aterako gara geldialditik? Nahiago nuke elkarrizketaren bidez izango balitz, azken finean bide zibilizatuak erabiliz eta Estatu espainiarraren kontzepzio jakobinoaren bilakaera tartean dela. Baina bestela, tirabirari eutsi beharko diogu, lehenengo erakundeen artean. Sarritan esan dut herritarrei erresistentzia zibila eskatu baino lehen –bizitza osoa konplikatu ahal diena–, parlamentariak Parlamentu batean itxi beharko liratekeela eta mundu guztiaren aurrean testigantza adierazi, Vytaustas Landsbergis-ek Lituaniako Parlamentuan egin zuen moduan, oraindik Sobiet Batasun ohiak bere eskakizunei muzin egiten zienean. Ni han barruan egon nintzen eta gertatutakoaren lekuko izan nintzen: paraxutista sobietarrek Parlamentua inguratu zuten, eta aldi berean, uniforme zaharrak soinean, Lituaniako jendeak, Ukrainiakoak eta beste herrialde askotakook bat egin genuen erresistentzia instituzional harekin, testigantza ez odoltsu eta baketsu harekin, eta handik gutxira etorri zen Lituaniaren independentzia. Beraz, Lehendakari, epe laburrera begira erreakzionatu ahal izateko eta herriaren gogoa suspertzeko –kaletik begiratuta uneotan politikoki despitatuta ikusten dudana–, gizarteari ahalegina egitea eskatu aurretik politikariei eskatu behar al diegu? Bai, nik uste dut baietz, baina gizartea bere laguntza emateko konbentzitu behar da, hautestontzietan adierazi behar du sostengu hori. Irmotasunez manifestatu beharko litzateke, halako gauzak ikusgarri egitea ere garrantzitsua baita. Baina nabarmendu nahi dut erakundeen betebeharra dela herria bideratzea, eta herri-borondatea ordezkatzen duen borondate demokratikoari muzin egiten bazaio eta errespeturik gabe arbuiatzen bada, erakundeek euren baliabide zibilizatu guztiak erabili behar dituzte guri begira dagoen munduaren aurrean. Eta uste dut gatazka bideratzeko modu asko daudela, inteligentziaz eta egoera bakoitzean indarrak metatzeko beharrezkoa den zuhurtziaz. Carlos Garaikoetxea Gurasook seme-alabei esan ohi diegu gure garaian bestelako idealak genituela, ekintzaileagoak ginela… Gaur egungo politikari gazteek duela 35 urte ari zirenen ilusio berberak al dituzte? Ez, egia esan ezetz uste dut. Baina neurri batean normala ere bada, duela 35 edo 40 urte diktadura errepresiboaren aurrean suspertu egiten baikinen, eta erreakzionatu. Egoera konpontzeko ilusioa izugarria zen. Irtenbidea bilatzeko poztasuna eta ilusioa emozio kolektibo askoren katalizatzaile ziren. Eta egun politika prosaikoaren unea bizi dugu, egunerokoa. Baina badira beste ilusio eta erronka batzuk, suspergarri direnak: globalizazioa, pobrezia, arazo ekologikoa… Horrek guztiak bestelako emozioak sortarazten ditu. Garai bakoitzean suspergarriak diren arazo batzuk daude, emozio kolektiboen katalizatzaileak. Gaur egun oso zaila da diktadura ankerrak sortarazi zituen erreaktiboetara iristea, izan ere garai hartan herriari bere hizkuntza erabiltzea debekatzen zitzaion, eta hilobietatik euskarazko hitzak ezabatzera ere iritsi ziren. Baina esandakoa inork gaizki ulertu ez dezan, gaineratu nahi dut hemen gehienen borondate jakin eta irmoa dagoela 1979. urtetik, hautestontzietan islatzen dena eta herri honentzako autogobernua eskatzen duena. Borondate horrek, gainera, subiranotasunaren aldeko gehiengoaren jarreretan tonua igo du; diktadurak sustatutako 70 eta 80ko hamarkadetako eta ondorengo urteetako emozio kolektibo hura ematen ez bada ere, egungo belaunaldiek errebindikazio-mailari eutsi egin diote edota maila igo egin dute. Eta berriro diot, autodeterminazio-eskubideaz mespretxuz hitz egiten zuen abertzaletasun tradizionalak gaur egun bat egiten du beste batzuk aspalditik egiten ari garen subiranotasun-proposamenekin. 1976an, esaterako, udalen bilera famatu hura egin zen Bergaran, eta hara joan ginen Guardia Zibilak bidean jarritako kontrolen gainetik. Oinez iritsi ginen inguruko herrietatik. Etxarri Aranatzen izan zen hurrengo hitzordua… Nahiko modu aktiboan parte hartu nuen hitzordu haietan, oso hunkigarriak eta oso esanguratsuak izan ziren. Ilusioa, indarra berreskuratzearen gaiari buruz hitz egin nahiko nuke… Arturo Campion datorkit burura, Nafarroako kulturako erraldoia, herrira proiektatzen dena, Euskal Herrira orokorrean. Errespetu handia diet Nafarroan jaio eta euren nafar-izaerari eutsiz uneotan herriari buruzko ikuspegi oso modernoa dutenei, hala nola Carlos Garaikoetxea, Gregorio Monreal edota Pedro Migel Etxenike. Azken hogeita hamar urteotan defenditu dituzten jarrerei eusten diete oraindik ere. Hau da, ez dira aldakorrak izan, ez dute euren diskurtsoa aldatu, eta diskurtso hori gaur egun inoiz baino baliozkoagoa da. Sakonki hausnartzeko modukoa da, aipatu ditudan pertsonek defenditu dituzten balioak une honetan gure herria berreskuratzeko abiapuntu izan daitezke… Harrokeria litzateke nire aldetik esaten ari zaren hori berrestea. Baina egia da Nafarroan hainbat belaunaldi izan direla euskal errenazimendua bultzatu dutenak, hor ditugu, besteak beste, Campion, Oloriz, Iturralde, Aranzaditarrak, Irujo, etab. Eta gaur egun abertzaletasun tradizionala onartzen ari da Eusko Alkartasunatik egiten genituen proposamenak, biolentziarik gabeko subiranotasunari buruzkoak, apur bat zehaztugabeak diren eskubide historikoen errebindikazio tradizionaletan gotortu gabe, printzipio demokratikoa eta autodeterminazio-eskubidea eskatuz. Eta biolentziazko hausturaren aldeko munduan gertatzen ari diren disidentziak hurbiltzen ari dira indarkeriarik gabeko kontzepziora, errebindikazioan muturrekoa dena. Eta 60 edo 70eko sozialismo gutxi gorabehera zaharkitutik batzuok proposatu izan ditugun jarrera sozialdemokratetara hurbiltzen ari dira, eta hori da hain zuzen ere, inguratzen gaituen mundu zibilizatuan ematen dena. Politika erreala egiterako orduan oinak lurrean jarri behar dira eta fikziozko politika alde batera utzi; tamalez herri honetan fikziozko politika egin da sarritan graffitien bidez eta aldarrikapen fantastikoak eta azken burukoak eginaz, baina horra nola heltzen den esan gabe. Hori da gakoa, nola iritsi, eta ez bakarrik nora iritsi nahi den. Carlos Garaikoetxea Iruditzen zait gure gizartean duela 30 urte eredu ziren formulazioetara iristen ari garela. Bizitza politikoak horrenbeste jira-bira eman ditu herri honetan alde batetik bestera joan garela. Baina bada nolabaiteko diskurtsoa denboran iraun duena, zenbait pertsona, erakunde edo alderdiri esker… eta gaur egun baliozkoa dena. Nik baietz uste dut, benetan, eta horregatik nago alderdian. Eta 1980. urtean lehen euskal gobernu hartako lehendakari izateko ohorea izan nuen, eta batez ere zortea izan nuen talde bikaina osatu genuelako, hori baita edozein giza enpresaren gakoa… Talde bikaina… Denbora behar izan nuen horretarako, baten bat Cambridgetik atera behar izan nuelako, beste batzuk euren abokatu-bulegotik, edo bankatik… azken finean ez zen jende ezaguna komunikabideetan. Gaur egun politika burokrazia bilakatu da eta badirudi gobernu-arduradunak alderdietako zuzendaritzetatik atera behar direla. Orduan ez genuen bide horretatik jo. Sarritan kritikatu ninduten gauzak egiteko era horrengatik, inolako adskripzio politikorik gabeko jendea ere izan bainuen ondoan, baina gaitasun handiko pertsonak ziren, bakoitza bere gaietan… Horri esker gaurkotasun handiko gaiei aurrea hartu genien: ikerkuntza, garapena, industria modernizatzea, energiaren euskal erakundea –energiaren arazoak asko kezkatzen gintuen–… Politika orokorreko formulazioetatik haratago joan ginen eta gaurkotasun handikoak eta orain premiazkoak diren aldeak ere landu genituen, hala nola, teknologiaren erronka, berrikuntza eta globalizazioa, gizarte aurrerapena, etab. Gainera, herria irteerarik gabeko bidera zeraman errebindikazio monokorde, utopiko edo haustailearen inguruan mugitzen zirenen kritiken erdian egin genuen hori guztia. Erreakzio-indarrak ahaztu gabe, gauzak zeuden moduan edo okerrago utziko zuketenak, noski… Praktikoak bagina eta era positiboan pentsatuko bagenu… onargarria al litzateke autodeterminazioari buruzko galdeketak, beharrezko oniritziarekin egingo balitz, Euskal Herriko hiru lurraldeak kontuan hartzea? Nolabait, 1979ko egoera berean egongo ginateke. Batzuek horrenbeste gaitzetsi duten estatutua negoziatu genuen orduan, baina testuak dio Euskal Herriak edo Euskadik komunitate politikoa osatzeko eskubidea duela, bere nazionaltasunaren adierazgarri. Jarraian dio Nafarroak politikoki antolatzeko eskubidea duela, Arabak, Gipuzkoak edo Bizkaiak bezala, eta hori komunitate naturalaren definizioa da. Gaur egun seguruenik pentsaezina litzateke horrelako zerbait. Eta hala ere, horretara iristeko bide bakarra nafarren borondatea dela zehazten du. Garai hartan ordezkarien bitartez onartu egin zen lehenengo Arabak, Gipuzkoak eta Bizkaiak bat egitea, eta Nafarroan, zoritxarrez gutxigatik ez zen emaitza bera lortu, orduan alderdi sozialista ere aldekoa baitzen. Hura politika errealista izan zen, Hego Euskadiren lurralde-batasuna osatzea xede zuena. Gero alderdi sozialistak traizionatu egin gintuen. Eta gauzak horrela, zer egin ez genekiela gelditu ginen. Zer egingo dugu? Herri osoaren prozesua geldiarazi, herriaren gehiengo demografikoarena, nafarren borondate demokratikoak 5, 10, 15, 20 urte barru –ez dakigu noiz– erabakia hartu arte? Esan izan balidate 30 urte beranduago oraindik horrela egongo ginela ez dakit zainak ez ote nituzkeen moztuko… baina orain ezin dugu herria geldiarazi. EAE zati nagusia denez, erakargarri izatea lortu behar dugu, herriaren gainontzeko lurraldeentzat helburu interesgarria izaten jarraitu dezan. Lanean jarraitu beharra dago, ez dago beste irtenbiderik. Ezin da eskatu ezinezko formula miragarririk, ez eta geure burua engainatu esanaz hau horrela izan behar da nik horrela ikusten dudalako. Biztanleriaren gehiengoak horrela ikusten ez badu erratuta zaudela pentsatu beharko duzu. Carlos Garaikoetxea Bestalde, kondairak ere entzuten dira Nafarroarik gabeko Estatutua ez dakit noren inposaketa izan zela diotenak. Ez; benetan zera gertatu zen: baldintza demokratiko sortu berrien barruan, herriaren borondatea adieraztearren eta beste, Arabak, Gipuzkoak eta Bizkaiak, ordezkarien bidez, erabaki bat hartu zuten eta Nafarroan ez genuen horretarako gehiengorik lortu. Eta Iparraldeaz zer esan. Hor, tamalez, pragmatismoa beste maila batean jartzen dute hemen euren mailan jartzeko esaten duten berberek… Beraz, Carlos Garaikoetxeak ez lituzke zainak moztuko euskal Kosovo bat emango balitz. Ez. Euskal Herri osoa hartuko lukeen elkartze-prozesuaren alde lanean jarraituko nuke. Onargarria litzateke, beraz, etorkizunean hiru probintziak… Ezin da fikziozko politikarik egin. Aukeratu beharko banu lurraldetasuna gordez geure nortasun-ezaugarriak, herri gisa ditugun bidezko interesak eta abar defenditzeko ahalmena izango lukeen autogobernu-maila izatea edo Herriaren zati batentzako berehalako independentzia-prozesua, nik neuk lurraldetasunaren alde egingo nuke. Baina hori fikziozko politika egitea da. Ezin da termino horietan planteatu. Bai, baina hori da 1979an gertatu zena, ezta? Ez. Orduan aukera bakarra zegoen. Ez zegoen aukeratzerik, eta egin ahal izan genuen bakarra nafarren borondateari ateak zabalik uztea izan zen. Eta gaur egun horrek ezinezkoa dirudi. Ez, horretarako dago laugarren xedapen iragankorra, Konstituzioaren disposizio famatua, nik inoiz parte hartu dudan negoziaziorik gogorrena izan zena. Batzuek diote, euren ohiko “argitasunarekin”, bertan behera utzi behar dela anexionista delako –Hego Euskal Herriaren batasunerako zabalik dagoen bide bakarrari ezetz esatea justifikatzeko–; hori esatea tontakeria da, egunen batean elkartasun politikoren bat aurrera eramateko aukera aztertuko balitz honako baldintza hauek negoziatuko bailirateke: konfederazio-motakoa edo zein izaerakoa izango den; Nafarroak politika zentralizatuta izango duen edo EAEn zentralizatuko den… Hori dagokion unean negoziatzen da… Baina hemen badira hausturaren aldeko munduan “buru argi” batzuk esaten dutenak xedapen iragankorra Nafarroarentzat oztopo dela, eta azken finean hori da gelditzen den bide bakarra, nafarren erreferenduma. Beti bezala, muturrek elkarrekin topo egiten dutenez, Nafarroako ultraeskuina ere xedapena bertan behera uztearen alde azaldu da, izan ere euren nahia betetzeko arriskutsua dela ikusten dute. Eta euren nahia da Nafarroa isolatzea eta Burgos moduko probintzia bat bilakatzea, halako izaera izan dezan herriaren gainontzeko lurraldeekin elkarte politikoa osatuko balu. Beti utzi behar da bide bat libre gehiengoaren borondateak bategitea bideragarri egin dezan. Horretarako gehiengoaren borondatea argumentuekin konbentzitu behar da. Baina ezin duzu utzi herriaren gainontzeko zatia, % 75 edo 80a, stand by iraunkorrean. Eta Nafarroan ezin duzu herriaren borondatearen gainetik jauzi egin; ildo horretan ondo dago gogoratzea Nafarroako Diputazioa izan zela 1868an proklama ospetsu hura adierazi zuena, gainontzeko euskal diputazioei eskatuz “ahalik eta batasun handienean elkartu behar gara, gure historiak hala eskatzen duelako, gure kulturak, gure hizkuntzak…” Beraz, euskal autogobernuaren gaia planteatzen denean Nafarroa ez da Burgos modukoa. Nafarroa beti izan da Euskal Herriaren funtsezko zatia, eta bide bat zabalik izan behar du integrazio-borondate horrentzat, batzuetan gehiengoaren borondatea izan dena, 1979an PSOErekin, esaterako. D’Hont Legeak 1977an eta ondoren PSOEren tradizioak ezinezko egin zuten. Geroztik, bat-batean, Espainiako ultraeskuinak dio, PSOE lagun duela: “Hau guztia errotuta dago, bi komunitate desberdin baitaude”. Ez, ez… Euskal sentimendua hor dago, batzuetan eurek ere defenditu izan dutena, apetaz, eta orain defenditzen ez dutena. Hori guztiarekin esan nahi dut ezin dela nafarren borondatearen gainetik jauzi egin, Iparraldea proiektu politiko batean sartzea manu militari inposatu ezin daitekeen moduan, baina bideak zabalduz joan behar dugu. Laugarren xedapen iragankorra 1.979an aurkitu genuen irtenbidea izan zen. Eta horregatik sortu zen UPN, UCDrekin hautsi ondoren, esanguratsua hori ere. Nafarroan daukagun muturreko eskuinak, zeinekin PSOE bat datorren, bertan behera utzi nahi du, abertzaletasun haustaileak bezala. Berriro diot, bide bat izan behar dugu zabalik etorkizunean elkarte politikoa gauzatu dadin, bai independentziatik edo baita egungo Autonomia Estatutuaren autogobernutik ere.

Lotura: Lotura bisitatu
Jatorria: Carlos Garaikoetxea