Donostia, 2014-11-14

Arantza Tapia Sailburu agurgarria;

Eskertzen dizut aurten ere Joxe Mari Korta Sarien banaketa ekitaldirako igorri diguzun gonbidapena, baina aurten ere ezezkoa izango da nire erantzuna, iaz jakinarazi nizun arrazoi beragatik; gizartearen erdia, emakumeak, sarietatik sistematikoki baztertzeagatik, hain zuzen.

Aurreko urtean gonbita horri erantzunez helarazi nizun gutunean bi gauza eskatzen nizkizun; batetik, hurrengo sarituen zerrendan, emakumeak ere aintzat hartzea, hauei sostengua emanez garai zail hauetan, eta bestetik, zuk duzun botere instituzionalaz baliotzea berdintasunean oinarritutako gizarte sendoagoa eraikitzeko.

Azaroak 14ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria (BOPV) irakurtzean sorpresa hartu dut, sorpresa penagarria nolanahi ere, ikusi bait baitut aurtengo sarituen zerrenda, beste behin, guztiz maskulinoa dela, eta gainera, saritu gazteenak 60 urteak beteak dituela jada.

Iazko galdera bera egingo dizut, Tapia anderea; gaur egungo egoeran, zeinetan aldaketa haizeak behar diren Euskal Herria berria aurrera ateratzeko, krisiak sortutako triskantza ekonomiko, sozial, enpresarial edota sistemikotik eredu berriztatzaileak bilatzeko, ez al dago gure Herrian emakumerik “Korta izpirituaren” oinordeko izan daitekeenik?

Ez da nirea izan sari hauek berdintasunerako bidean jartzeko eskari bakarra. Gipuzkoako Batzar Nagusietako Lehendakaritzaz gaindi, Gipuzkoako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteak ere azpimarratu dizu sari hauen edizio guztietan 25 pertsona saritu izan dituzuela, guztiak gizonak, emakumeak bigarren planoan utziz; sariak entregatzen bai, baina inoiz ez jasotzen. Eta beste galdera bat luzatzen dizute, zuzena: Posible al da EAE guztian sari hauek jasotzeko baldintzak betetzen dituen emakumerik ez egotea?

Tapia anderea, zuk nik bezain ongi dakizu gizonentzako diseinatutako arloetan lan egitea zein nekeza den. Enpresa munduan diharduten emakumeek duten adorea, kemena eta balioa zenbaterainokoa den. Ez al duzu uste badela garaia emakumeei zor zaien aitortza egiteko? Ez al duzu uste Korta Sariak emakumeei ere eskaintzea gizarte osoari berdintasunaren aldeko pauso sendoa egitea dela? Ez al duzu uste emakume langileek erakundeen miresmen eta ohore guztiak merezi dituztela?

Gizonez betetako argazkiak gure gizarteko imaginarioa osatzen dute. Zure eskutan dago argazki hori aldatzea; emakume eta gizonak, gazte eta helduak, gizartea aurrera ateratzeko ezinbestekoak direla ikustaraztea. Ez gaitzazu objetibotik kanpo utzi Tapia anderea, izan zaitez berdintasunean oinarritutako euskal gizarte berriaren argazkilaria.

Besterik gabe, jaso ene agurrik beroenak;

Lohitzune Txarola Gurrutxaga
Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria