Mariano Alava, Juanjo Agirrezabala eta Oihane Zabaleta Legebiltzarreko presidenteak funtsezko printzipio demokratikoak urratu dituelako salaketa berretsi du Juanjo Agirrezabalak. “Quiroga bera ari da bere jokaera zikintzen, alkate eta zinegotzi batekin prentsaurrekoa egiteagatik zigorrekin mehatxu egiten duena demokraziaren aurkako logika bati jarraitzen ari zaiolako”.

Juanjo Agirrezabalak Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidenteak helarazi dion zigor mehatxua gaitzetsi du, Udal Legeaz eta Kutxen Legeaz hausnarketa politikoa plazaratzeko asmoz gaur goizean Oihane Zabaleta Urretxuko alkatearekin eta Mariano Alava Amurrioko zinegotziarekin batera prentsaurrekoa egin ondoren.

EAko legebiltzarkideak Quirogaren gutun bat jaso du arratsaldeko ordubiak pasata. PPkoak haren aurkako diziplinazko neurriak har ditzakeela jakinarazi dio Agirrezabalari, aipatutako prentsaurrekoa Zabaleta eta Alavarekin burutzeagatik. Legebiltzarreko presidenteak, ordea, ez du azaldu oraindik zertan datzan bi kargu publiko horiei dagokien bere debekua.

Agirrezabalaren iritziz, “onartezina da Quirogak erabaki nahi izatea noiz eta norekin egin dezakeen prentsaurreko bat talde parlamentario batek”. Ildo horri jarraituz, “adierazpen askatasuna eta legebiltzarkideen lana errespetatzeko” exijitu dio. EAko ordezkariak funtsezko printzipio demokratikoak urratzea egotzi dio presidenteari. “Quiroga bera ari da bere jokaera zikintzen, alkate eta zinegotzi batekin prentsaurrekoa egiteagatik zigorrekin mehatxu egiten duena demokraziaren aurkako logika bati jarraitzen ari zaiolako”, erantsi du gainera.

Horren harira, Agirrezabalak datorren asteko Bozeramaileen Batzordean planteatuko du bere salaketa eta Quirogaren jarrera gaitzesteko adierazpen bat exijituko du.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA