Otsailaren 28a
Bizkaiko kostaldeko hirigintza diseinua bezalako gaietan alderdi batzuek autogobernua ez dutela zuzen erabili salatu zuen atzo EAko Bizkaiko Kongresurako zerrendaburu Martin Aranburuk. Halaber, alderdi sozialistaren «gogoeta bikoitza» kritikatu zuen, «autogobernuaren babesa egiten duelako, baina, praktikan, arlo horren eskumena Madrilera itzultzea eskatzen duelako». Eusko Alkartasuneko hainbat ordezkarik eta alderdiko presidente Unai Ziarretak Bakion (Bizkaia) egin zuten agerraldia atzo, eskualdeko hirigintza planaren ondorioei buruz aritzeko.
1.900 ETXEBIZITZA BERRI. Greenpeace talde ekologistak berriki argitaratu duen txostena ekarri zuen gogora Aranburuk; hain zuen ere, Estatuko kostaldeko udalerrietatik hirigintza presio handiena duena Bakio dela dioen txostena.
«Egun, 2.000 pertsona inguru bizi dira herrian, eta kostaldean 1.900 etxebizitza egin nahi dituzte», ohartarazi zuen Aranburuk. EAko hautagaiak esan zuenez, egoera hori «gure instituzioek egiten duten Lurralde Plan Partzialaren ondorio da» eta Espainiako Administrazioak «zerikusirik ez du». Beraz, «alderdi batzuek autogobernua gaizki erabiltzen dute, baliabideak ez dituztelako bideratzen gizartearen gehiengoaren bizi-maila hobetzen dituzten ekimenetara». «Bakio eta Lurralde Plan Partzialen hirigintza politika dira horren adibide», gaineratu zuen Aranburuk.
Iturria: Berria