Pello Urizar prentsaurrekoan EAko idazkari nagusiaren iritziz, “handira hordago jotzeko unea da: interes politiko partidistak alde batera utzi behar dira gatazkaren konponbideari behin betiko heltzeko”.

Pello Urizar Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak 2010ean euskal panorama politikoa argituko dela esan du gaur Donostian. Urizarrek iaz gertatutakoari buruzko balantzea egin du eta hasi berri den urte honi begira EAren itxaropenak plazaratu ditu; horren harira nabarmendu duenez, “handira hordago jotzeko unea da: interes politiko partidistak alde batera utzi behar dira gatazkaren konponbideari behin betiko heltzeko”.

Bere iritziz, bi faktorek egoera politikoa argitzea ahalbidetuko dute; “batetik, aurten ez da hauteskunderik egongo eta alderdiok presio hori gabe lan egiteko aukera izango dugu; bestetik, Jaurlaritzan izandako aldaketa gauzatu da jada eta badakigu zer eskaintzen digun PSE-PP gobernuak eta zer espero dezakegun”.

Gauzak horrela, “handira hordago jotzeko unea da: interes politiko partidistak alde batera utzi behar dira gatazkaren konponbideari behin betiko heltzeko”, azpimarratu du. Horregatik, EAk lan hori burutzeko borondate osoa duela adierazi du: “anbiguotasunak baztertu behar ditugu, horrek botoak eman ditzakeelako baina ez diolako ezer onik ekartzen egoera politikoari; autodeterminazio eskubidea eta subiranotasuna bide zibilen eta demokratikoen bidez soilik aldarrikatu behar ditugu; alderdiok ez ditugu iraganeko akatsak errepikatu behar, elkarren arteko errezeloak gaindituz eta galdutako konfiantza berreraikiz, autodeterminazio eskubidearen alde gauden ezkerreko indar abertzale guztiok demokrazian sakondu behar duen bide batean elkar gaitezen, Euskal Herria benetako subiranotasunera eramateko”.

Jaurlaritzaren lanari buruzko balantzea
Jaurlaritzak legealdi hasieran egindako lanari buruzko balantzea egiteko orduan, EAko idazkari nagusiak instituzioen eta gizartearen arteko dibortzioa nabarmendu du, abenduko Euskobarometroak agerian utzi zuenez. “Gobernuko alderdiak harritu egin dira eta, egia esan, gogorra izan behar du beren kudeaketa ontzat ematen duten hiritarren kopurua %23 bakarrik dela ikusteak”. Urizarren aburuz, penagarria izan da gainera PSE eta PPren erantzuna, “ondo egiten ari direla baina gizarteak ez dituela ulertzen esan baitute; hain daude pozik gobernura iritsi direlako ezen euskal gizartearen gehiengoa ordezkatzen ez dutela ahaztu duten, ez daudelako instituzioetan herri borondateari esker”.

EAko buruzagiak Euskal Herria Estatuan botoak irabazteko erabiltzea egotzi die PSOEri eta PPri eta Patxi Lopezen Gobernua ahula dela dagoeneko frogaturik geratu dela salatu du: “PPk bahituta dago eta arazorik garrantzitsuenetan ez da aurrerapausorik emateko gauza izango, ez normalizazio politikoari eta baketzeari dagokienez, ez krisi ekonomikoari dagokionez”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna